Tokiko energia-komunitateen inguruan hausnartu eta eredu hori sustatzeko saio irekiak egin ziren Tolosan, apiriletik ekainera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Eraldaketa Energetikorako Bulegoaren eskutik. Interes handia piztu du gaiak, eta ondorioztatu da badagoela oinarri eta gogo bat aurrera egiteko. Hori dela eta, Udalak jarraipena emango dio prozesuari.
Helburu horrekin, beste 6 saio ireki eskainiko dira, tokiko energia-komunitatea bera sortzera bideratuago egongo direnak, eta parte hartzean oinarrituko direnak. Komunitate izaera jorratzeko lanketa egin ez ezik, sortze-prozesuari buruzko aholkularitza emango da saioetan: nola egituratu, forma juridikoak, tramiteak, egin daitezkeen proiektuak, adibideak… Goiener eta Farapi kooperatibetako adituek gidatuko dituzte saioak.
Lehen saioa urriaren 7an izango da, 18:00etan Antonio Maria Labaien Kultur Etxeko areto nagusian. Gainerako saioetako datak lehen hitzordu horren ondoren finkatuko dira, aurrera egiteko interesa duten pertsonen aukeren arabera. Gaian interesa izan baina saioetara joan ezin dutenek, berriz, erabaki.tolosa.eus plataformaren bidez jarraitu ahal izango dute prozesua. Dena dela, informazio gehiago eskuratu nahi dutenek, ingurugiro@tolosa.eus helbidera ere idazteko aukera dute.
Jatorrizko artikulua eta argazkia: Tolosako Udala
