Galderen atalak:
- Filosofikoak
- Partehartzearen dinamizazioari buruz
- Proiektuei buruz – Gai teknikoak
- Gai juridikoak
- Gai ekonomiko eta finantzarioak
Filosofikoak
Zergatik zentratzen gara prozesuan, produktu itxi bat eskaini ordez?
Prozesu batekin, herritarrei ahalduntzeko eta komunitatearen eratzean protagonista izateko aukera gehiago ematen dizkiegula uste dugulako. Produktua itxia denean, herritarrak sinatu eta dagokiona ordainduko du baina ahalduntzea eta egitasmoaren jabe egitea askoz zailagoa izango da.
Gainera, proposamen itxi bat izatean, gero egitasmoaren ardura hartu ahal izango den arren, moldaketa prozesua konplikatuagoa eta konplexuagoa izan daiteke, guztira emandako denbora haundiagoa izango delarik. Hobe da hasiera baten itxuraz “denbora galtzea”, gero aldaketak egiten denbora gehiago behar izatea baino.
Beste gakoetako bat, proposamenaren zilegitasuna da. Egitasmoa irekia eta partehartzea zabala denean (eragiteko eta diseinatzeko ahalmenarekin), zilegitasun gehiago izango duela dirudi.
Pobrezia energetikoa pairatzen dutenek, nola izango dute posible holako proiektu batean parte hartzea?
Formulak bilatu behar dira pertsona zaurgarriak EBKk bezalako proiektuetan integratzeko. Aukeretako bat kooperatiban sartzeko ekarpena txikia izatea da , 10€ ingurukoa, denon eskura egon daitekeen zenbatekoa iruditzen zaigulako. Hortaz aparte, adostasunak lor daitezke, bakoitzak dagokion parte proportzionala ez ordaintzeko, baizik eta ahal duena, finantziazio eta parte hartzaile bakoitzaren gaitasun errealak kontutan izanda.
EBK osatzen duten pertsonek zehaztuko dituzte baliabideak. Malgutasuna egon daiteke ordainketak egiteko ere: adibidez dirua epe luzeagoetan jarriz, ordainketak errazteko. Nolanahi ere, EBKk berariazko joko-arauak ezartzen ditu egoera sozioekonomiko desberdineko pertsonak onartu eta parte hartzeko.
Goienerren banago, zergatik egon behar dut energia-komunitate batean?
Goiener, S.Coop.en jarduera kooperatiboa elektrizitatea merkatu elektrikoan merkaturatzea da; energia-komunitateak, berriz, sorkuntza berriztagarriko instalazioak sustatzera bideratuak daude, komunitateko kideei berariazko zerbitzuak eskainiz. Beraz, Goienerren eta EBK batean egotea bi ekintza osagarri dira, EBKek ez baitute helburu Goienerren jarduera bera egitea. Alderantziz, EBKek laguntzeko eskatu diote Goienerri zerbitzu eta proiektu jakin batzuk gauzatzeko, lankidetza-esparru bat zabaltzen hasteko. Bestela esanda, zure inguruko EBKaren parte aktiboa izateak (kontsultatu hemen zure inguruko komunitateak) sustatzen dugun eredu deszentralizatua eta lokala babestea dakar, Goienerrekiko konpromisoa murriztu edo kaltetu gabe. Hurbilen duzun EBKan informatzeko gonbitea luzatzen dizugu, edo, bestela, zure inguruan bat sustatzera.
Goienerrek sustatzen ez duen komunitate batean nago, eta baldintza bat da gu merkaturatzailez aldatzea, baina nik ez dut hori egin nahi. Behartu nazakete aldatzera?
Europako zuzentarauek argi uzten dute kontsumitzaileak askea izan behar duela merkaturatzailea aukeratzeko, eta ez soilik eskubide orokor gisa, baizik eta energia-komunitateen barruko joko-arau gisa. Bestalde, ikusten dugu zenbait energia-komunitatek, jokoaren arauen barruan, parte hartu nahi duenak konpainia elektrikoa aldatu beharko duela finkatzen dutela. Alderdi hori ez da legez kanpokoa, baina aurrez aipatutako printzipioaren aurkakoa da.
Aldaketara “behartzeko” motibazio hori bi alderditatik arrazoitzen da:
a) Autokontsumo kolektiboak egin nahi diren Komunitateetan, merkaturatzaile desberdinekin hainbat erabiltzaile kudeatzeak atzeratu egiten ditu kudeaketak. Hori, nahiz eta banatzaileekiko harremanaren kasuan gauzatu den eta hala den, gero eta anekdotikoagoa izango da, eta horren erakusgarri da uztailaren 21eko CNMCren kontsulta, non, 17. orrialdean, argi uzten baitu merkaturatzailearen eta kontsumitzailearen arteko harreman berrietan autokontsumo kolektiboak aktibatu ahal izango direla, nahiz eta parte-hartzaile guztiek ez dioten jakinarazi dagokion merkaturatzaileari. Autokontsumo kolektiboa gero eta gehiago ari da hedatzen, eta horri esker, legegileak eta merkatuko eragileek eraginkortasun handiagoz jardun dezakete. Hori ez da, noski, bezeroak kate motzean lotu nahi dituzten merkaturatzaile nagusien (betiko merkaturatzaileen) gustukoa izango.
b) Beste komunitate batzuetan, hornitzaile anitzeko agertoki bat izateak zaildu egiten du akordioen eraginkortasuna prezioak finkatzeko aldebiko sistemen bidez. Zailtasun hori benetakoa da, baina mozkinak faktura elektrikoan berariazkoak ez diren beste bide batzuetatik jasoz konpon daiteke.
Laburbilduz:
1.- GOIENERek bultzatzen dituen energia-komunitateetan parte hartzera animatzen zaitu.
2.- GOIENERek sustatzen ez duen komunitate batean parte hartu nahi baduzu, jakin behar duzu eskubidea duzula nahi duzun merkaturatzailearekin lan egiteko, eta, “behartuta” egonez gero, erakunde horretan gauzak barrutik aldatzen saiatu zaitezke. Informazio edo laguntza gehiago behar baduzu, hemen gaituzu.
Partehartzearen dinamizazioari buruz
Zergatik da garrantzitsua hasieratik talde anitz bat izatea?
Zenbat eta anitzagoa izan (jatorria, sexua, klase soziala, etabar), orduan eta hobe ordezkatuak egongo dira herritarrak eta guztiengana heltzeko aukera gehiago izango ditugu. Gainera, hasierako talde horretan gizarte sektoretik, energetikotik edo alor juridikotik hurbiltzen diren pertsonak baldin badaude, komunitatea eratzen denerako askoz hobe. Aniztasunari esker, ikuspuntu eta interes desberdinak bateratuko dira, etorkizunean energia-komunitatearen kohesio-maila handitzeko.
Sortu daiteke komunitate bat udal barik?
Teorian bai. Ez dago eragozpen juridikorik. Zuzentarauek udalak, enpresak eta norbanakoak aipatzen dituzte, baina bakoitzaren partehartzearen derrigortasunari buruz ezer esan barik.
Beste kontu bat da gizartearen partehartze zabala izateak daukan abantaila eta herrian proiektu eta zerbitzuak egingo direnean, udalarekin bat ez egitea ez da komenigarriena baina eragozpen bat ere ez da.
Udalaren presentzia gai desberdinetan laguntza iturri izan daiteke; hala nola ekonomikoa, finantzieroa, baliabideena etabar. Hori izan ezean, herritarrengandik muxutruk lortu beharko du eta hori zailagoa da. Horretaz gain, egin nahi ditugun proiektuak udalaren jabetzakoak diren baliabideekin egin nahi baditugu (teilatuak adibidez), are zailagoa izango da.
Baina hasiera baten udalaren babes gabe EBK mailan zerbait egiten hasiko diren kasuak egon daitezke. Imagina dezagun Goiener Soziala EBK batetik abiatuta, edo energia efizientzia, kontratuen azterketak etabar edo partikular-pribatu baten sorkuntza proiektu bat (industria poligono baten). Elementu horien inguruan, baldintzak betez gero, komunitatea lanean has daiteke. Ateak zabalik daude baina ez luke inoren zain egon behar.
Nola hasi prozesua? Ez du ematen prozesu erraza
Lehen urratsa ezagutza, gogoa eta inplikazioa duten pertsonak topatzea da. Elkartzeko eta gauzak egiteko gogoa izanez gero, hasiera polita izan daiteke. Zein dira prozesu irekia, integratzailea eta plurala bermatzeko eragile nagusiak?
- Herritarrak: adin, genero, jatorri, esperientzia eta ezagutza desbedinetakoak, energia berriztagarrien alde egiten dutenak, energia tokian bertan sortzen dutenak eta elkartasun-mekanismoei lehentasuna ematen dietenak.
- Tokiko eragileak: elkarteak, bizilagun-komunitateak…
- Udala edo tokiko administrazio publikoa.
- Tokiko enpresak: energia berriztagarrikoak izan ala ez, baina energia berriztagarrien alde egiten dutenak eta komunitatearen indarra sortzen dutenak.
Hasieran, helburu eta balio komun batzuen inguruan gutxieneko alderdi interesdun batzuk egon ondoren, garrantzitsua da planteatzea ea prozesua hasierako talde horretako baliabide eta ezagutzekin gauzatu daitekeen edo kanpoko laguntza behar den. Horretarako, hona hemen prozesu osoan landu beharreko gutxieneko jarduerak:
- Koordinazioa. Sustengu Taldeko eta Talde Sustatzaileko pertsonen artean: deialdiak, aktak, dokumentazioaren artxiboa, informazioaren kudeaketa, etab.
- Parte hartzeko bermeak. Sustengu Taldeko pertsonak (hasieran) eta Talde Sustatzaileko pertsonak (gero) ahalduntzen joan ahala, zehaztu egin beharko da: bileren helburuak, saioen antolaketa, landu beharreko gaien araberako planteamendua, dinamikak eta materiala…, eta, jakina, taldearen zainketan jarri arreta.
- Baliabide tekniko eta ekonomikoak. Laguntza Taldea osatzen duten pertsonek tokiko energia beharrak ezagutu beharko dituzte eta udal edo eskualde mailan dauden energia eta teknologia baliabideak aztertu. Ondoren, bi alderdiak nola konbina daitezkeen aztertuko da, eta etorkizuneko proiekzioen aurreikuspena egingo da, behar diren baliabide tekniko eta ekonomikoekin (diru-laguntzak, kontratazioak…).
- Izapide juridikoak. Talde Sustatzailean parte hartzen dutenen artean erakunde bat sortu behar da. Erakundearen bideragarritasuna aztertu behar dugu, eta ez proiektuena bakarrik; joko-arauak erabaki beharko dira… eta horretarako gaian adituak diren pertsonak behar ditugu.
Nola konbentzitu inguruko jendea (auzokideak, ezagunak…) EBK batean parte hartzeko? Ez dirudi hain erraza sortuko diren gastuei aurre egitea
EBK batek arrakasta izateko, garrantzitsua da bertan dauden pertsonek ikuspegi zabala izatea. Helburuei dagokienez, aurrezpen ekonomikoez haratago ikusi behar dute. Batzen direnak bakarrik etekin ekonomikoetan pentsatzen badute, EBKren formulak ez du funtzionatuko. Onura eta proiektu amankomunetan pentsatzea ezinbestekoa da.
Lehenengo pausoa jendaurrean ideia ondo azaltzea da, helburu orokorraren aurkezpena egitea, zer lortu nahi den, lehendik dauden materialak erabiltzea edo horrelako prozesuak bidelaguntzen ari diren erakundeekin bat egitea. Batu gaituen lehen desio horretatik abiatuta, beste urrats batzuk eman ahal izango ditugu, besteak beste, proposamenaren bideragarritasunari dagozkionak.
Sor daitezkeen gastuak EBKak sortzen dituen diru-sarrerei lotuta egon beharko dira. Gastuak besterik ez baditugu, zaila izango da jendea komunitatea sortzeko konbentzitzea. Sorkuntza-prozesuetan, bideragarritasun ekonomiko eta finantzarioaren azterketa egin behar da. Zenbait komunitatek egindako proposamen bat da aurrezkien % X EBKaren hornikuntza-fakturak ordaintzeko erabiltzea. Kopuru hori sortzen diren gastuak ordaintzeko eta proiektu berriak abian jartzeko erabil daiteke. Badaude gastuak, baina baita diru-sarrerak ere, komunitatearen izenean aktiboak sortzea, guztion onura sustatzea, eta abar.
Proiektuei buruz – Gai teknikoak
Udalek autokontsumo partekatuak nahi dituzte eta EBKekin nahasten dira. Zer mezu helarazi diezaiekegu?
Nahi dutena beraien hornidura puntuekin autokontsumo partekatu bat egitea bada, ez daukate EBK bat sortzen hasi beharrik.
Nahi dutena beraien hornidura puntuekin eta herritarrenekin (zaurgarriak barne hartuta) autokontsumo partekatu bat egitea bada, printzipioz ez dute EBK baten beharrik baina interesgarria izan daiteke, prozesuan inplikatzeko interesa daukaten pertsona talde bat egonez gero, eta beti ere, etorkizunean proiektu gehiago egin nahi badituzte.
Era berean, garrantzitsua da bi ekimenek elkar-bizi dezaketela ikustea: batetik, autokontsumo partekatua, udal-titulartasunekoa, eta bestetik, energia-komunitateari lotutako proiektuak.
Entzun dut nire herri/hiriko alde zaharrean arazoak daudela instalazio fotovoltaikoak egiteko, ondarearekin zerikusia duten trabak omen daudelako. Zer egin daiteke kasu horietan?
Garrantzitsua da zailtasunen aurrean irtenbideak bilatzen jakitea.
Adibidez, autokontsumo partekatuak egin daitezke instalazio-puntutik 500 metroko erradio batean. Distantzia horren barruan, instalazio egiteko baimena duen teilaturik badago, ederto, baina beste aukerak ere badaude, besteak beste, bero-sareak, eraikinen birgaitzeak… eta abar.
Beste alde batetik, denborarekin legeak moldatzen joan beharko dira erraztasunak emateko, eta teknologia berrietan egindako ikerketek emaitzak emango dituzte. Baina sorkuntza berriztagarriaren optimizazioaz aparte, kontsumoaren murrizketa lortu behar dugu.
Nolanahi ere, ezin da epe laburrean ondareari eragiten dion ordenantza edo legeria baten aurka jardun, eta kontuan hartu beharko da energia-komunitatearen bideragarritasuna.
Autokontsumo partekatu bat EBK bat da?
Komunikabideetan agertzen diren albisteetan autokontsumo partekatuak energia komunitate gisa aurkezten diren arren, azpimarratu behar da ez dela beharrezkoa erakunde juridikoak sortzea autokontsumo partekatuak egiteko, eta inork ez duela merkaturatzailez aldatu behar. Hornidura-puntu batzuek beren artean autokontsumoa egin nahi badute, instalazioa non egin, tamaina definitu, koefizienteak erabaki eta inbertsioaren banaketa erabaki behar dute. Autokontsumo partekatuan sor daitezkeen gastuen (asegurua, mantenua, koefizienteen birkalkulua, etab.) banaketa adostua izatea komeni da (hobe idatziz), baina horretarako ez da beharrezkoa entitate juridiko bat sortzea. Goitik beherako noranzkoan proposatutako energia komunitate askotan (kasu gehienetan autokontsumo partekatuak dira) irabazi-asmorik gabeko elkarteak edo kooperatibak proposatzen dira, eta, gehienetan, irabazi asmoa duten enpresei lotzen zaizkie, hala nola merkaturatzaileari.
Eta partekatutako autokontsumo bat? EBK batean integratzeko aukera legoke?
Beharrezkoa litzateke gauzak moldatzea, baina formula ezberdinak daude hori egiteko. Pertsonak ados egonez gero, haien arteko akordioak bilatu beharko lituzkete. Kontuan hartu behar da, gaur egun, Europako zuzentarauek hutsune batzuk dituztela energia-komunitateen aplikazioan. Argi dagoena da, energia-komunitateak berak garatzen dituen instalazioen titularra izan behar duela; beraz, lehendik dauden instalazioetan, titulartasuna aldatzea komeni den eta egokia den baloratu beharko da.
Zein teknologia erabili daiteke EBK batean?
Berriztagarria den edozein. Horretaz aparte, kontsumoa murrizten lagunduko duen aktibitate oro, mugikortasun jasangarriarekin zerikusia daukana edo birgaitzeak, bero sareak etabar.
Ez dut ondo ulertzen autokontsumoaren prozesua. Nola neurtzen da? Zer konpentsatzen da?
Badago kontagailu bat kontsumitzen duguna (sartzen dena) neurtzen duena eta sarera botatzen duguna (irteten dena), orduz-ordu. Merkaturatzaileak faktura jaulkitzen duenean, orduz-orduko kontsumo “netoa” aplikatuko digu (kontsumoa-produkzioa) eta soberakinarekin konpentsazioa kalkulatuko du. Konpentsazioarekin gehienez gure fakturaren kontsumoaren partea (kargu eta bidesaririk gabekoa) 0 izatea lortuko dugu; hortik gorako soberakina merkaturatzaileak ez digu konpentsatuko.
Banakako autokontsumoa
Autokontsumo kolektiboa eraikin batean
Autokontsumo kolektiboa eraikin batetik haratago
Konpentsazio adibidea faktura batean
Autokontsumo partekatua (baldintzak). Non dago transformadorea jarrita?
Hiru baldintza hauetako bat bete behar da: 2 km-ko distantzia (instalazioak teilatu gaineakoak, lurzoru industrialetan eginikoak edo egitura artifizial gainekoak ez badira 500 m-ra murrizten da), transformadore berera lotuta egotea edo katastro zenbaki bera izatea. Transformadorea non dagoen jakitea eta bertara zein hornidura puntu lotuta dauden jakitea interesgarria izan daiteke landa eremuan, etxeen artean distantzia haundiak direnean.
Fakturaren zati finkoa ezin da aldatu hilabete batetik bestera, eta bizilagunei kostu bat eragiten die… auzokide guztiak ados jar gaitezke denontzako kontadore bakarra jartzeko?
Seguruenik, banatzaileak ez du horrelako formulak onartuko. Egin liteke, baina oso ondo adostu beharko litzateke energia banatzeko sistema, ezin baita energia berriz saldu, banatzaileen administrazio-trabak gainditu ahal izateaz aparte.
Zer nolako zailtasunak egon daitezke partekatutako autokontsumo bat abiatzeko?
Gure esperientziak dio erakundeen aldetik ez dagoela traba handirik, baina arazoak izan ditugu kudeaketa banatzaileetara heldu izan denean. Jakin badakigu, gainera, merkaturatzailearen arabera, kudaketaren erritmoa bizkorragoa edo motelagoa izan daitekeela.
Kontuan hartu behar da, autokontsumo kolektibo guztietan, beharrezkoa dela banatzaileari sarbidea eta konexio baimena eskatzea. Izan ere, ezinbestekoa da sorkuntza-kontagailu bat produkzioa irakurtzeko eta energia modu birtualean banatzeko, kontsumitzaile guztien artean ezarritako banaketa-koefizienteen arabera. Modu honetara, instalazioaren datu teknikoak adieraziko dira, sarera sartzeko baimena lortu ahal izateko.
Eta konexio-punturako baimena lortu ondoren, Sarbiderako Kontratu Teknikoa (STA) sinatu beharko da ekoizlearen eta banatzailearen artean. Prozesu honetan dokumentazio tekniko dezente prestatu behar izaten da, eta prozesua bera etengabe moldatzen eta berritzen ari direnez, arazo bat baino gehiago topa daitezke bidean: dokumentuak aurkeztu eta onartu arteko denborak gehiegi luzatzea teknikarien aldetik, dokumentu ezezagunak bete beharra, eskabideen plataforman arazo informatikoak gertatzea… Garrantzitsua da, zabalik dauden espedienteen gertuko jarraipena egitea.
Behin fase hau amaitzean, kontsumitzaile bakoitzak bere merkaturatzailearekin kudeatu beharko du autokontsumoaren alta. Ondorio bezala esanda, gure instalazioak era eraginkor batean martxan jartzeko, adituen laguntza beharko dugu.
Pentsatzen dut lizentzia bat eskatu beharko dudala instalazioa jartzeko, ingenieritza-ikerketa bat. Nor arduratzen da horretaz?
Autokontsumorako instalazioek obra baimena behar dute, tokian-tokiko udal-araudia errespetatuz. Bertan zehazten da obra bat txikia edo handia den, eta horretarako eskuduntza duen teknikari batek sinatutako proiektu teknikoa aurkeztu beharko da. Dokumentazio hori teknikoa izanik, instalatzaileak berak edo interesatuak kudeatu dezake zuzenean. Zergetan hobariak egon gaitezkeenez (Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergetan (EIOZ) eta Ondasun higiezinen gainekoetan (OHZ)), eskaeran bertan zehaztea gomendatzen da.
Autokontsumo partekatuan bizilagun guztiek parte hartu behar dute?
Ez dute guztiek parte hartu beharrik baina hornidura puntu komunak badaude (igogailua, argiteria…), instalazioa jarriko den eraikinaren jabegoaren baimenen gehiengo sinplea behar da. Kasu horretan, banaketa koefizientearen arabera egingo da, bizilagun bakoitzak hornidura puntu komunari dagokion bere zatiaren ordainduz. Banaketa hori, jabegoaren portzenataia kalkulatuz egin beharko da.
Hornidura puntu komunik ez badago, eraikinaren jabegoaren heren batek eman behar du baimena eta kasu horretan, instalazioan parte hartuko dutenen artean erabakiko da ordainketa banaketa nola egin. Logikoena, banaketa koefizienteen arabera egitea da.
Kasu praktiko bat: Auzokide komunitate batean bizi naiz eta autokontsumoa jarri nahi dut eraikinean. Zenbatekin adostu behar dut?
- Banakako autokontsumo bat edo banakako puntuak dituen autokontsumo partekatua instalatzeko (etxebizitzak eta komertzioak) gutxienez auzokideen 1/3-ak eman behar du baimena.
- Aitzitik, hornidura puntu partekatuak dituzten autokontsumoetan (igogailuak, garajeak, eskailerako argiteria…) aldiz, gutxienez auzokideen gehiengo sinplearen baimena behar da, denek ordaindu beharko dutelako dagokien zatia.
Koefizinteen banaketa egiterakoan, hau da Goienerren proposamena: instalazioa ahalik eta azkarren amortizatzen lagunduko digun formula erabiltzea. Hau da, eguzki erradiazio altuko orduetan gehiago kontsumitzen dutenek, banaketa koefiziente altuagoa izatea. Hala ere, auzokideek dute azken hitza erabakian.
Eraikinean lonjak edo dendak egonez gero, partekatutako autokontsumoan sar daitezke?
Bai, autokontsumo partekatuaren barnean sar daitezke dendak, lonjak eta bestelako lokalak.
Duela 10 urte instalakuntza fotovoltaiko pila bat jarri ziren martxan eraikin berrietako teilatuetan, eta orain horietako asko ez dira erabiltzen. Nola jakin ez dela gauza bera gertatuko oraingoan?
Mantentze desegokiaren ondorioz egon daitezke geldi, edo, bestela, jatorri fotovoltaikoko produkziora bideratutako primen testuinguruan gaizki egindako instalazioen ondorio. Instalazio horiek sorkuntza sustatzeko laguntzak aprobetxatzeko egin ziren eta ez zeuden autokontsumorako pentsatuta edo dimentsionatuta.
Bestalde, autokontsumorako instalazioek titularrarentzako monitorizazio-sistemak dituzte. Modu honetan, prebentziozko mantentze-lanak hobetzeaz gain, epe luzeko ekoizpen-arazoak edo etenaldiak saihesten dira. Instalazioek ondo irauteko bermerik onena, jabe modura haren mantentze-lanetan inplikatzea da, gure etxebizitza edo komunitateko beste elementu bat bezala.
Jakinda gure etxebizitzen kontsumoaren zati handi bat berogailuetara eta ura berotzera bideratzen dela, zergatik ez dira gehiago bultzatzen eguzki instalazio termikoak? Ba al dute desabantailaren bat fotovoltaikoekin alderatuta?
Eguzki instalazio fotovoltaikoak ezin dira alderatu termikoekin. Eguzki instalazio fotovoltaikoak energía elektrikoa sortzeko dira, termikoak aldiz ur-beroarentzat (normalean osasun-zerbitzuetarako) baina baita ur-bero bidezko berokuntza sistemetan erabiltzeko ere.
Instalazio termikoek mantenimendu gehiago eskatzen dute, elementu gehiago dituztelako integratuta, baina badute beren funtzioa. Badaude irtenbide teknikoak gasaren erabilera alde batera uzteko; kasu bakoitza ezberdina da, eta banan banan aztertu beharko litzateke irtenbide onena aukeratzeko.2006ko kode teknikoaren arabera, derrigorrezkoa zen eguzki instalazio termikoak instalatzea ur- bero sanitarioko kontsumoaren %30 (gure zona klimatikoan) berriztagarri izan zedin. Instalazio horiek operazioan ez zuten harrera ona izan erabiltzaile eta mantenimendu enpresen aldetik. Gainera, CTE DB HEaren 2013ko eguneratzeak, ateak ireki zizkien osasun-zerbitzurako ur-bero teknologia berriztagarriei. Hortik gaur egun duten arrakasta falta, nahiz teknologia hobetu den eta instalazio erabat baliogarria den.
Europako araudiek diote, data jakin batetik aurrera eraikitzen diren eraikin guztien kontsumoak hutsaren parekoa izan beharko lukeela… hori horrela da?
Euskal Autonomia Erkidegoko Energia Jasangarritasunari buruzko 4/2019 Legearen arabera, euskal administrazio publikoen titulartasunpean dauden eraikin berrien eta lehendik egindakoen kontsumoak ia hutsaren parekoa izan beharko du. Hala zehazten den kasuetan, aplikatu beharreko araudian adierazitako egunetik aurrera, energia-kontsumo ia nulukoa izan beharko dute, beti ere, legea onartu eta bi urte geroago eraiki edo berritu badira.
Gainera, Espainian, lehenengo aldiz, Kode Teknikoaren HE ODaren eguneratzeak, 2019ko abenduaren 20ko 732/2019 EDaren bidez, “Ia Zero Energia Kontsumitzen duen Eraikina” (NZEB) kontzeptua definitu zuen, 2010/31/EB Zuzentaraua betez.
Energia-kontsumo ia nuluko eraikin gisa definitzen zuen eraikin berri bat edo lehendik zegoena, “DB HE Energia aurreztea” oinarrizko dokumentu honetan eraikuntza berriko eraikinen energia-kontsumoa mugatzeari buruz ezarritako erregelamenduzko eskakizunak betetzen dituena.
Araudi hau nahitaez bete beharrekoa da obra lizentzia eskatzen duten obra berrietarako, 2020ko irailaren 24tik aurrera. Beraz, data horretatik aurrera obra lizentzia duen eraikin berri oro Energia Kontsumo Eraikin ia NULUA (NZEB) izango da.
Isolamendurik gabe, duela 50 urte eraikitako etxe batean (6 eraikin txikitan banatua) bizi den bizilagun elkarte bateko kide naiz. Energia komunitate moduan antolatzea gomendatzen didazue?
IFZ badaukazue, nahikoa izango liteke. Baina inguruan ezaugarri antzekoak dituzten eraikin gehiago badaude, orduan bai merezi dezakeela, adibidez birgaitzeak aldi berean egiteko, ekonomia eskala erabiliz… Batzuek teilatu egokia badute, hori ere aprobetxatu liteke. EBK bat eratzen bada, bakoitzak aukeratu dezake zer jardueretan parte hartu, zertan jarri dirua eta zertan ez.
EBK baten potentzia muga zein da?
Ez dauka potentzia mugarik. Herriaren burujabetza energetikoa lortutakoan, beste EBK batzuei burujabe izaten laguntzea ere posible izango da, besteen beharrak norbere soberakinekin asetuz.
Hiri-mailako eolikoa aukera sendoa da EBKren barruan proiektuak garatzeko?
Badaude ardatz bertikala duten eoliken esperientziak baina ez asko. Europa mailan 12.000 kooperatiba energetiko baino gehiago daude; horietako batzuek arrakasta izan dute proiektu eolikoekin; baina urbanoekin, momentuz ez daukagu horien arrakasta erreferentziarik. Ezagutzen diren kasuak kontsumo handiko eraikin batzuei eta, batez ere, landa-eremuko sareko instalazio isolatuei lotuta daude.
Mugikortasun proiektu jasangarri bat egiterakoan, zein abantaila ditu EBK batek?
Proiektu zabalago bat barne-biltzea, herritar gehiagoren partehartzearekin eta beste proiektu batzuekin elkar-lotuz, sinergiak izateko aukerekin (autokontsumo partekatuak bateriekin edo barik).
Gai juridikoak
Zergatik da hobea EBKentzat kooperatiba eredua, elkartegintza baino?
1 ATALA. ZERGATIK KOOPERATIBISMOA
- Europako zuzentarauen irizpideen arabera bikain egokitzen den erakunde mota delako.
- Sortuko den erakundea konplexutasun maila erdi-altukoa izango delako eta kooperatibak, baloreez, legez eta diseinuz, oso ondo moldatzen direlako horrelako egoeretara. Nahiz eta hasiera batean iruditu konplexuegia izan daitekela kooperatiba eredua, epe ertainean kooperatibek dituzten joko arauak prozesuak, barneko bizitza eta harremanak errazten dituzte.
- Hasieratik tokiko erakunde publikoen partehartzea bermatzen delako, inolako eragozpenik gabe.
- Bizimodu eta izpiritu kooperatiboa bultzatzen delako alor askotan, ez energia mailan soilik. Kohesioa bultzatu nahian, kooperatibek sustatzen dituzten balioak hedatzen dira herri mailan.
- Bazkide-motak eta komunitatean duten zeregina zehaztasun handiz definitzen dituelako. Bazkideen eskubideak, betebeharrak eta harremanetarako moduak zehaztera behartzen duelako.
- Kudeaketa, gobernu eta fiskalizazio organoak finkatzen dituelako, baita horietako bakoitzaren eskumenak, funtzionamendua eta boterearen banaketa argi eta garbi zehaztea ere.
- Erregimen ekonomikoari dagokionez, honako hauek ezartzen dira: ekarpenen baldintzak (bazkideek berreskura ditzakete), kuota-motak, finantziazio-metodoak, irabaziak sortzen direnean jarraitu beharreko bideak, bai eta galerak eta funts sozialen sorrera eta funtzionamendua ere.
2 ATALA. ABANTAILAK ETA DESABANTAILAK KOOP-ELKARTEA
- Boto eskubidea eta gehiengoak definituta daude kooperatibetan, elkarteetan ez.
- Kapital soziala: kapital sozialarekiko desberdintasunak nabariak dira. Kooperatiban, bueltatzen diren aportazio eta kuotak daude eta elkartean bueltatu ezin diren kuotak bakarrik daude.
- Kooperatiban: ematen du aukera bazkide moten arabera eskubide ezberdinak aitortzeko.
- Enpresa handiak. Bazkide motak, bakoitzaren eskubideak eta betebeharrak, eta erabakitze eskubideak zehaztea garrantzitsua da. Bideratu dezakegu enpresa handiak bazkidetzea, baina beti ere figura jakin batzuekin.
Egitura juridikoa oso konplexua iruditzen zait, nola egin dezakegu zailtasunei aurre egiteko? Zenbat pertsona dira beharrezkoak EBK bat abiatzeko?
Orexan adibidez martxan jarri dute EBK 50 pertsonen artean; Goienerren hasieran 30 pertsona bolondres elkartu ziren.
Orain gertatzen ari dena: Proiektu bat abiatu dutenek hasten ari direnei lagundu ohi diete, formakuntzekin, hitzaldiekin, babesa emanez…
Puntu bat kontutan hartzeko kooperatiba eratzeko gutxieneko pertsona-kopurua da, eta beste bat proiektu bideragarri bat egiteko gutxieneko quoruma, horri buruz bi ikuspegi izan behar ditugularik.
Egongo litzateke aukera EBK bat beste kooperatiba batekin lotzeko?
Gure proposamena, zentzu horretan, da EBK ezberdinen sare bat sortzea, beraien arteko babesa emateko. Ekimena lehendik dagoen kooperatiba batean ‘sartu’ nahi bada, kontuan hartu behar da kooperatibaren autonomia ez dela galtzen.
Zein egitura juridiko da azkarragoa EBK martxan jartzeko?
Azkarrena ziurrenik elkartearen egitura da baina guk kooperatiba bezala egitea gomendatzen dugu, egitura honen bidez bermatu bait daiteke hobe gobernantza partehartzailea, demokrazia eta gainera kapitalizatzeko dauden aukera desberdinek aukera hobeak ematen dituztelako. Herritarrek parte hartzeko prozesu bat benetan badago, epeak antzekoak izango dira; horrelakorik ez badago, elkarte bat sor daiteke bi egunetan, komunitate horretako pertsonen benetako beharrak kontuan hartu gabe.
Galdera egokia da, zer da eraginkorragoa epe luzera?
Udalak parte hartzen badu instalazio fotovoltaikoa onura publikokoa izango da?
Entitate bat onura publikokoa izendatzeko ez da behar udalak parte hartzea eta udalak parte hartzeak ere ez du bermatzen onura publikokoa izatea. Bi urte dituen irabazi asmorik gabeko kooperatiba batek onura publikokotzat jotzeko prozesua hasi ahal izango du. Proiektu batek, onura publikokoa izan dadin, kontuan hartu beharko ditu bere udalerriko irizpideak, herri batetik bestera aldatzen ahal direnak.
Kontzejua izan daiteke berez EBK bat?
Kontzeju batean dinamika demokratiko batzuk egon arren, kontuan hartu behar da Kontzejuen eta lurraldeen artean barietate batzuk daudela, eta, gainera, haien mendetasuna (autonomia partziala) osatzen duten udalerriarekiko, eta hortik sortzen dira eskubideak. Kontzejuetako praktika asko bat datoz energia-komunitateen espirituarekin, baina horri buruzko transposizio argirik gabe ezin da baiezko erantzunik eman. Kontuan hartu behar da Kontzejuak ezin dituela bete EBKri eskatzen zaizkion helburu orokorra, irekitzea eta autonomia. Kontzejuak EBK batean parte hartzea bideragarria da, udal batek egin dezakeen bezala.
Kontzejuak uraren zerbitzua kudeatzen badu, argindarrarena ere kudeatu dezake?
Ez da hain erraza. Merkatu elektrikoan banatzailearen figura itxita dago orain banatzaile ez den beste edonorentzat. Merkaturatzaile izateari dagokionez, entitate juridiko bat sortu beharko luke horretarako eta merkaturatzaile honek kontzejuaren hornidura puntuen kontratuak baldin badauzka, ezingo luke merkaturatu kontzejuak kontsumitzen duenaren %20 baino gehiago. Gainera, uraren kudeaketa udalen zuzeneko eskumena da, eta energia ez dago horrela jasota.
Zein komunitate edo kooperatibak lagundu dezakete EBKren eraketan?
Tokian tokikoa edo hurbilekoa izan, eraketa-prozesua sustatzeko egitura eta bokazioa duena.
Nola egingo dut kooperatiba eratzeko eta nora jo behar dut sortutakoan?
Koopratiben legeak ezartzen du kooperatiba bat nola eratu eta behin eratuta, tokiko bazkideak lortzen saiatu beharko litzateke (herritarrak, entitateak, elkarteak, ETEak…)
Gai ekonomiko eta finantzarioak
Nola finantzatzen dira EBK baten proiektuak?
Hasierako kapitalari egin beharreko ekarpena (nahitaezkoa) agian ez da nahikoa izango (gehienetan hala izango da) kooperatibaren proiektuak finantzatzeko. Kasu horretan, beste aukera batzuk bilatu beharko dira, besteak beste:
- Proiektuen onuradun izango diren bazkideen kapital sozialerako borondatezko ekarpenak eskatzea. Arreta berezia jarri beharko da proiektuetako parte-hartzaileek dagokion zatia finantzatu dezaten, eta, hala, kooperatiba indartu egin beharko da etorkizuneko inbertsioetarako, baita kanpo-finantzaketako erakundeetarako ere (zenbat eta kapital sozial handiagoa, orduan eta finantza-baldintza hobeak lortuko dira).
- Proiektuen onuradun ez diren bazkideen kapital sozialerako borondatezko ekarpenak.
- Borondatezko ekarpenak bazkide laguntzaileen kapital sozialari (udalak eta/edo enpresak).
- Borondatezko ekarpenak bazkide inbertitzaileen kapital sozialari (ezarritako interes-tasan).
- Kanpoko finantza-erakundeak (Coop 57, Fiare Banca Ética…)
Nondik ateratzen dira EBKren diru sarrerak?
EBKren inbertsio-proiektuek bideragarriak izan behar dute ekonomikoki, gizarteak onartuak eta ingurumen aldetik jasangarriak. Kooperatibaren bideragarritasuna (gastuak ordaintzeko behar adinako diru-sarrerak bermatzea) eragiketa baten bidez zehaztuko da. Eragiketa horretan, proiektuek sortutako aurrezkien % bat onuradunei kuota bidez kooperatibara bideratuko zaie. Mekanismo batzuen bidez, kooperatibari “itzultzeko” %-a kooperatibaren finantzaketarako ekarpenaren mende egongo da (zenbat eta handiagoa izan finantza-ekarpena, orduan eta txikiagoa kooperatibara bideratu beharreko %-a). Adibidez:
- Finantziazioari dagokion ekarpenaren %80 eginez gero, kooperatibara bideratu beharreko kuota aurrezkiaren %50a dagokio.
- Finantziazioan ez bada ekarpenik egiten, kooperatibara bideratu beharreko kuota aurrezkiaren %80a dagokio.
Diru-sarrera horiek lortzeko beste modu bat izan daiteke proiektuen erabiltzaileek aurreztutako kWh-ei prezioa jartzea, sortutako (autokontsumorako) edo aurreztutako (energia-eraginkortasuneko proiektuengatik) energia horrengatik kobratzeko.
Zer nolako laguntza ematen dute erakunde publikoek?
Diputazio batzuk berariazko laguntzak ematen ari dira Energia Komunitateak eta/edo horien barruko proiektuak osatzen laguntzeko. Gobernu autonomikoak, era berean, energia berriztagarriak eta eraginkortasun energetikoa zabaltzeko laguntzak argitaratzen ari dira; kasu batzuetan, argi eta garbi lotuta daude energia-komunitateekin, balorazio-faktore gehigarri gisa.
Herri batzuetan OHZren murrizketa dago, %50era heltzen da kasu batzuetan. Gasteizen OHZren murrizketak daude Efizientzia Energetikoaren Ziurtagiriaren baitan. Agiri hori lortzen da etxebizitzaren azterketa energetikoa egin ondoren, edo proiektu berriztagarriak instalatzean. Ez da erraza lortzea.