Oier Etxeberria Gutierrezek Goienako Puntuaren 2023ko otsailaren 13ko alean energia komunitateen inguruan argitaratutako iritzi artikulua:
Energiaren gaia denon ahotan dabil eta egunkari eta telebisten titularrak betetzen dituzte askotan energia komunitateek. Baina zer dira? Zergatik dira hain garrantzitsuak?
Energia Komunitateak, 2018 eta 2019an azaldu ziren Europako zuzentarauetan. Zuzentarauek hitzez hitz esaten dutena hau da: Izaera juridikodun entitate bat da. Ingurune hurbileko pertsona eta erakundeak, publikoak zein pribatuak elkartuaz, energia sektorearekin zerikusia duen jarduera batean lankidetzan aritzeko asmoaz, bertako kideei edo tokiko komunitateari zerbitzuak edo bestelako onura sozioekonomiko eta ingurumenekoak emateko. Helburu finantzarioek (diru irabaziek) ez dute lehentasunik edo tokirik izango.
Definizio honetan oinarrituta, gure inguruan eta orain arte behintzat, energia komunitateek elkarte edo Kooperatiba forma hartu dute eta kasu guztietan, irabazi asmorik gabekoak dira.
Gizartea antolatzeko modu berri baten proposamena egiten dutela esateko, Europako zuzentarauetan aipatzen diren beste ezaugarri batzuetan dago gakoa:
- Familia zaurgarrientzat parte hartzea sustatu eta erraztu behar da.
- Enpresa haundiek eta batez ere energia enpresa haundiek ez dute tokirik izango energia komunitateetan.
- Energia Komunitateek egingo dituzten proiektuek, autokontsumoaz gain, efizientzia, birgaitzeak, berokuntza, kontsumo murrizketa, sorkuntza, biltegiratzea, mugikortasun jasangarria eta energiarekin zerikusia duen edozein proiektu egin ahal izango dituzte.
- Erabiliko dituzten teknologiak printzipioz berriztagarriak izan behar dira eta fotovoltaikoaz gain, beste edozein izan daitezke: eolikoa, hidraulikoa, biomasa, aerotermia, geotermia…
- Energia Komunitatearen gobernantzan, boterearen erdia baino gehiago herritar/kontsumitzaileengan egon behar da.
- Behetik gorako egitasmo bat izan behar dira, herritarren bultzadatik sortuak.
- Tokiko instituzio publikoen parte hartzea oso garrantzitsua da eta beraien papera, bidelagun eta laguntzaile izatearena da.
Mota desberdinetako energia komunitateen agerpenak, herritarren interesa piztu du eta hitzaldi asko eman ditugu gai hau azaltzeko. Sortu duten interesagatik eta kasu gehienetan udalen bultzadarekin, Energia Komunitateak sortzeko prozesu asko daude martxan Euskal Herrian. Asko eta asko sortze bidean dauden arren, eratze fasea gainditu duten batzuk badaude. Aurretik doazenek, ezjakintasunari aurre egiteko, sormena eta pazientzia asko garatu behar izan dute.
Energia Komunitatea sustatzen duen lantaldearen komunitate sena garatzea eta elkarrekiko konfiantza izateak, berebiziko garrantzia dauka. Mota askotako arazoei aurre egin behar izaten diete, hala nola, kooperatiba sortzeko beharrezkoa den kapitalaren ekarpena lortzea, proiektuei aurre egiteko behar diren baliabideak lortzea, udalen inplikazioa lortzea, diru-laguntzen kudeaketak egitea… Dena den, guztietan zailena eta aldi berean politena, herritarren interesa, inplikazioa eta konfiantza piztea da. Indibidualismoa izugarri garatu den gizarte honetan, berriz ere arazoei elkarrekin aurre egitea iraultzailea da eta apurka-apurka barneratuko dugu, denok ez bait gaude horretarako prest oraindik. Dena den, Nafarroako herri bateko alkate bati entzun nion, energia komunitateak sortzeko prozesuetan magia ikusi zuela eta nik berresten dut, ezagutu ditudan prozesu guztietan momentu magikoak bizi izan ditut eta emozioz bete naute.
Guztientzat eta guztiak kontutan hartuz energia beharrei eta dauden arazoei aurre egiteko, berebiziko erreminta erabilgarria dira energia komunitateak. Zure inguruan energia komunitateren bat ezagutzen baduzu edo sortze prozesu bat abiatu nahi baduzu, animatu eta ekin bideari, ez zara damutuko.
